jueves, 13 de octubre de 2011

Autobus geltokiarekin jira eta buelta

Egia esan, batzutan ez da batera erraza izaten gure Udal Gobernuak hartzen dituen erabakiei, edo hobeto esanda, hartzen ez dituen erabakiei jarraipena egitea. Azken albistea da berriro ere Autobus geltokia Erriberetan egiteko aukera aztertu nahi dela, aurreko astean Alkateak Atotxakoa egin beharko zuela aitortu ondoren. Aurreko legealditan ere honelako aldaketak ikusi genituen (orduan Erriberetatik Atotxara aldatzea erabaki zuen Alkateak). Guzti honen emaitza: Autobus geltokia Pio XII enparantzan jarraitzen duela.

Atotxa edo Erriberetan egitea, zer da hobea? Aukera bakoitzak ba ditu aldeko zein kontrako argudioak. Erriberetako aukerak bi abantaila izan ditzake: Bata Eusko Trenek eskaintzen dituen zerbitzuekin lotura errazagoa, eta bestea, azkarragoa dela autobusentzat estazio honetara iristea Atotxaraino iristea baino. Lehenengoak aldiz bere alde dauka Hiriaren erdigunean hobeto kokatua dagoela eta batez ere Abiadura Handiko Trenaren geltokia izango denarekin lotura zuzena daukala.

Perfekzioa ez da existitzen, eta hau horrela dela ezagututa, mundu honetan garrantzitsua da erabakiak hartzen jakitea, eta garaiz hartzen badira gainera hobe. Eta Donostiako Udalak erabakia hartuta dauka. Buelta gehiegi eman ondoren hartutako erabakia izan da, atzera bueltarik beharko ez lukeena. Orain badirudi berriro ere "perfekzioaren" bila beste buelta bat eman behar zaiola. Bost axola zaio Gobernuari Udaletxeko Plenoaren gehiengoak esandakoa, edota eskubideak dituen (eta exijitu ditzakeen) enpresa batekin sinatutako kontratua hankaz gora botatzea (horrek izan ditzakeen ondorio ekonomikoak barne).

Mundua norbera iristen denean hasten dela sinisten duenaren arazoa da hori. Eta zoritxarrez horrelako gauza gehiegi ikusten ari gara Donostiako Udaletxean.